Cookiei buruzko oharra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, erabiltzaile gisa esperientzia hobea izan dezazun. Cookieak ez dira erabiltzen informazio pertsonala jasotzeko. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu gure cookie-politika.

Valore esta página
Valore este contenido

Laneko nahitaezko etenaren ondoriozko erretiro aurreratua

2013-03-17tik aurrera, aurreratutako erretiro mota berri hau ezartzen da; data horretatik aurrera jazotako gertaera eragileei aplikatu ahal izango zaie, abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen 12.2 azken xedapenean ezarritakoa aplikagarri den kasuetan izan ezik.

Aurretiazko erretiroaren modalitate honetan sartzen ahalko dira baldintza hauek betetzen dituzten langileak:

  • Kasu bakoitzean aplikatu beharreko adina  baino gehienez lau urte gutxiago beteta izatea, horretarako adin-hobariak aplikatu gabe, jarduera nekagarri, toxiko, arriskutsu edo osasungaitzak egiteagatik sektore profesional batzuetako langileek eta % 45eko edo % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek hobari horiek jaso ditzaketenean. 
  • Altan edo altaren pareko egoeran egotea.
  • Lan-bulegoetan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea, gutxienez erretiroa eskatu aurreko sei hilabeteetan.
  • Gutxieneko kotizazio epe efektibo hau egiaztatzea:

    • 33 urte, horretarako aparteko ordainketengatiko zati proportzionala kontuan hartu gabe. Ondorio horietarako, nahitaezko soldadutza, ordezko gizarte-zerbitzua edo emakumeen nahitaezko gizarte-zerbitzua emateko aldia baino ez da zenbatuko, gehienez ere urtebeteko mugarekin. 
    • Kotizazio-aldiaren barruan, 2 urte kotizatzeko eskubidea sortu zen unearen edo kotizatzeko betebeharra amaitu zen egunaren aurreko 15 urteen barruan sartuta egon beharko dira, erretiroagatiko pentsiora alta-egoera batetik edo pareko egoera batetik sartuz gero, kotizatzeko betebeharrik gabe.
    • Besteren Konturako Nekazaritzako Langileentzako Sistema Berezian dauden langileen kasuan, gutxieneko kotizazio-aldia (33 urte) egiaztatzeko, beharrezkoa izango da kotizatutako azken 10 urteetatik gutxienez 6 sistema berezi honetako benetako jarduera-aldiak izatea. Ondorio horietarako, sistema berezi honetan maila kontributiboko langabeziako prestazioak jaso diren aldiak ere zenbatuko dira.
    • Lanaldi partzialeko kontratua eta kontratu aldizkako finkoak dituzten langileen kasuan, 33 urteko gutxieneko kotizazio-aldia egiaztatzeko, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 247. artikuluan ezarritako arauak aplikatuko dira. Ondorioz, lanaldi partzialeko langileen kasuan, kontuan hartuko dira langilea lanaldi partzialeko kontratu batekin altan egondako aldiak, aldi bakoitzean egindako lanaldiaren iraupena edozein izanda ere. Aldizkako langile finkoen kasuan, langilea aldizkako kontratu finko batekin alta-egoeran egon den aldi osoa zenbatuko da, eta 1,5eko koefizientearekin biderkatuko da; hala ere, urtean kotizatutako egunen kopuru osoak ezingo du gainditu urte bakoitzeko egun naturalen kopurua.
  • Lana honako arrazoi hauengatik uztea:

    1. Kaleratze kolektiboa, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoengatik, Langileen Estatutuaren (LE) 51. artikuluaren arabera.
    2. Arrazoi objektiboengatiko kaleratze objektiboa, Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren arabera.
    3. Kontratua ebazpen judizialaren bidez azkentzea, maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Konkurtso Legearen testu bateginean jasotako kasuetan.
    4. Enpresaburu indibidualaren heriotza, erretiroa edo ezgaitasuna, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe, edo kontratatzailearen nortasun juridikoa azkentzea.
    5. Lan-kontratua ezinbesteko arrazoi batengatik azkentzea, lan-agintaritzak LEren 51.7 artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuta.
    6. Langileen Estatutuaren 40.1 artikuluan (mugigarritasun geografikoa), 41.3 artikuluan (lan-baldintzen funtsezko aldaketa)  eta 50. artikuluan (enpresaburuaren ez-betetzeak) aurreikusitako arrazoiengatik kontratua azkentzea.
    7. Langilearen borondatez kontratua amaitzea, Langileen Estatutuaren 49.1.m) artikuluan aurreikusitako genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima izateagatik.

    a, b eta f letretan aurreikusitako kasuetan, gainera, langileak egiaztatu beharko du lan-kontratua amaitzearen ondoriozko kalte-ordaina jaso duela edo kalte-ordain hori erreklamatzeko edo kontratua amaitzeko erabakia aurkaratzeko demanda judiziala jarri duela.

    Kalte-ordaina jaso izana egiaztatzeko, jasotako banku-transferentziaren dokumentua edo egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko da.

Kotizatutako hilabeteen arabera dagokion ehuneko orokorra oinarri arautzaileari aplikatzetik ateratzen den pentsioaren zenbatekoa murriztu egingo da, langileari, gertaera eragilearen unean, kasu bakoitzean erretirorako legezko adina betetzeko falta zaion hilabete edo hilabete-zati bakoitzeko, koefiziente murriztaileen koadroaren  ondoriozko koefizienteak aplikatuta, egiaztatutako kotizazio-aldiaren eta aurrerapen-hilabeteen arabera .

Erretiroa hartzeko legezko adin hori zehazteko soilik, erretiro-adintzat hartuko da gertaera eragilearen datatik kasu bakoitzean aplikatzekoa den erretirorako legezko adina bete arteko epean kotizatzen jarraitu izan balu langileak izango lukeen adina. 

Kotizazio-aldiak zenbatzeko garaian aldi osoak hartuko dira kontuan, baina zatikapena ez da aldi osoekin parekatuko.

Zenbatekoaren muga:

Murrizte-koefiziente horiek aplikatuta lortzen den pentsioaren zenbatekoa ez da handiagoa izango pentsioaren gehieneko muga aurrerapeneko hiruhileko edo hiruhileko zati bakoitzeko ehuneko 0,50 murriztuta ateratzen den zenbatekoa baino.
Aurreko atalean aipatzen den 100eko 0,50eko koefizientea ez da aplikatuko kasu hauetan:

  1. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko laugarren xedapen iragankorreko 1. ataleko 2. arauan ezarritakoaren arabera gertatutako erretiroen kasuan (mutualistak 1967ko urtarrilaren 1ean).

  2. Jardueraren arrazoiagatik edo desgaitasunagatik aurreratutako erretiroen kasuan, bereziki neketsuak, toxikoak, arriskutsuak edo osasunerako kaltegarriak diren lanak egitea dakarten talde edo jarduera profesionalei dagokienez, edo desgaitasuna duten pertsonei dagokienez.

2002-01-01etik 2021-12-31ra BITARTEAN SORTUTAKO PENTSIOEN OSAGARRIA

2002-01-01etik 2021-12-31ra bitartean sortutako borondatezko aurretiazko erretiroko pentsioaren onuradunek eskubidea dute, 2022-03-01etik aurrera, osagarri bat jasotzeko. Osagarri horren zenbatekoa kalkulatzeko, hasieran onartutako pentsioaren zenbatekoaren eta 2022-01-01etik aurrera indarrean dauden koefiziente murriztaileak hasierako pentsioari aplikatzearen emaitza izango da. Horretarako, baldintza hauek bete behar dira:

  • Gutxienez 44 urte eta 6 hilabeteko kotizazioa frogatzea, edo 40 urteko kotizazioa, pentsioaren zenbatekoa 900 eurotik beherakoa bada 2022-01-01ean.
  • Hasierako pentsioaren zenbatekoa handiagoa izatea 2022-01-01ean indarrean zeuden koefiziente murriztaileak aplikatu izan balira.

Osagarri hori pentsioan sartuko da ondorio guztietarako, eta 14 ordainsaritan ordainduko da. Ofizioz aitortuko da 2022ko lehen hiruhilekoan.

Complementary Content
${loading}