Erregimen Orokorra
Eskubidea sortzea / Iraupena
Lanaldi-murrizketa hasten den egunean hasiko da eskubidea, betiere eskaera, murrizketa gertatu zen egunetik 3 hilabetera egin badu. Epe hori igarotakoan, subsidioaren eragin ekonomikoek, gehienez, 3 hileko atzerako eragina izango dute.
Subsidioa, hasiera batean, 1 hilabetekoa izango da, eta beste 2 hilabetez luza daiteke adingabeak zaintza zuzena, etengabea eta iraunkorra behar badu. Behar hori egiaztatzeko, Osasun Zerbitzu Publikoko medikuaren edo dagokion autonomia-erkidegoko administrazioko osasun-organoaren (edo INGESA Ceuta eta Melillan) aitorpena aurkeztuko da, adingabeak 23 urte bete arte, eta adin-nagusitasunera iritsi aurretik diagnostikatutako minbiziak edo gaixotasun larriak irauten duen bitartean.
Adingabeak, xede horretarako aitorpen medikoak egiaztatzen denaren arabera, 2 hilabete baino gutxiagotan zaintza zuzen, jarraitu eta iraunkorra behar badu, txosten horretan jasotzen den aldi jakinerako aintzatetsiko zaio subsidioa.
Kudeaketa / Ordainketa
Prestazioa kudeatzeaz arduratuko da:
- Dagokion erakunde kudeatzailea edo Gizarte Segurantzako mutualitate laguntzailea, langilearen kontingentzia profesionalak estaltzen dituena.
- Ez badu laneko arriskuen estaldurarik , erakunde kudeatzaileak edo kontingentzia arruntengatiko ABEren estaldura bere gain hartzen duen mutualitateak izango du eskumena.
Subsidioaren ordainketa erakunde kudeatzaileak edo dagokion mutualitateak egingo du, prestazioaren eragin ekonomikoak hasten diren egunean, amaitutako hilabeteka.
Ordainketaren erantzukizunak gauzatutako lotze- eta estaldura-dokumentuan ezartzen den mugaegunera arte jarraituko du. Mugaegunaren datan kontingentzia profesionalak edo arruntak estaltzen dituen erakundearen aldaketa gertatzen bada, erakunde berriak hartuko du bere gain ordainketa, 12 hiletan eta ondorengoetan, hala dagokionean, estaldura horrekin jarraitzen duen bitartean.
Lanaldi partzialean kontratatutako langileen kasuan, laguntzaren sortzapena egun naturalen araberakoa izango da, nahiz eta ordainketa hilero egin.
Enpresariak ordaindu beharko ditu Gizarte Segurantzan bere kargura egindako kotizazioari dagozkion ekarpenak eta diru-bilketa bateratuaren beste kontzeptuak, baldin badaude.
Prestazio honetan ez da IRPF zergarik ordainduko.
Eskubidearen aintzatespena
Prestazio-eskaera:
Subsidioa onartzeko prozedura langilearen eskaeraren bidez hasiko da. Bizitokia duen probintziako erakunde kudeatzailearen eskumeneko zuzendaritza probintzialean edo dagokion Gizarte Segurantzako mutualitate laguntzailean egin beharko du.
Eskaerak egiteko, dagokion erakunde kudeatzaileak edo Gizarte Segurantzako mutualitate laguntzaileak xede horretarako onartutako ereduen bidez egingo dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio-prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluak ezarritako datuak jaso beharko ditu.
Eskaerarekin batera, han adierazten diren agiriak ere egiaztatu, edo hala dagokionean, ekarri behar dituzte.
Ebazpena eta jakinarazpena:
Aurkeztutako datuak eta agiriak ikusita, eta behin baldintza formal, gertaera eta subsidioa lortzeko eskatutako baldintza guztiak egiaztatuta, dagokion erakunde kudeatzaileak edo mutualitateak berariazko ebazpena egingo du. Horrela, 30 eguneko epean jakinaraziko du, eskaera jaso denetik zenbatzen hasita, prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea aintzatetsi ala ezeztatu den.
Aurreko paragrafoan aipatutako 30 eguneko epea igarotakoan, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezeztatutzat hartuko da, GSLOren testu bateginaren 129.3 artikuluaren arabera.
Erakunde kudeatzaileak edo mutuak egindako berariazko edo ustezko ebazpenen kontra helegitea aurkez daiteke, gizarte-jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskariarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak
(Konpultsatzeko kopia edo fotokopia konpultsatua erantsita daraman jatorrizkoa aurkeztu beharko dira; nortasun agirientzat jatorrizkoa erakustea nahikoa izango da)
KASU GUZTIETAN:
- Interesdunek nortasuna egiaztatu beharko dute (baita kausatzaileek ere 14 urte badituzte), indarreko dokumentazio honen bidez:
- Espainiarrek: Nortasun agiri nazionala (NAN).
- Atzerritarrek: Pasaportea edo jatorrizko herrialdean indarrean den nortasun-agiria eta AIZ (Atzerritarren Identifikazio Zenbakia), AEATek eskatutakoa, ordainketetarako.
-
Enpresaren ziurtagiria, non langilearen kontingentzia profesionalengatik, edo hala dagokionean, kontingentzia arruntengatik, kotizazio-oinarriaren zenbatekoa jasotzen den, lanaldi-murrizketa hasten den egunaren aurreko hilabetean, eta hala badagokio, egun horren aurreko urtean zehar ordaindutako aldizkakoa ez den laguntza kopurua.
-
Enpresaren ziurtagiria, Langileen Estatutuaren 37,6 artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako langilearen lanaldi-murrizketaren hasiera-dataren gainean, lanaldi murrizketa hori finkatuta geratu den ehunekoa adierazita.
- Kotizazioari buruzko dokumentazioa:
- Artista eta Zezenketetako profesionalentzat: Jardueren aitorpena eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean aurkeztu ez diren jardueren ziurtagiriak.
- Kuotak ordaindu behar dituzten langileak: Azken 2 hilabeteetako kuoten ordainagiriak.
- Etxeko langile finkoentzat, langilearen benetako lanaldi-murrizketari buruzko familiaren arduradunaren aitorpena ekarriko da.
- Osasun Zerbitzu Publikoaren aitorpena. Ziurtagiri horretan, kausatzaileak minbizia edo iraupen luzeko ospitaleratzea eskatzen duen bestelako gaixotasun larria duela jasoko da. Horrez gain, ospitaleratzearen gutxi gorabeherako iraupena eta, ospitaletik kanpo, gaixotasunaren tratamendu jarraitua behar duen eta haren gutxi gorabeherako iraupena ere adieraziko dira.
- Familia-liburua edo hura egon ezean, seme-alabak Erregistro Zibilean izena eman duten ziurtagiria edo adopzioaren ebazpen judiziala.
- Familia-harrera iraunkorra edo adopzio-helburua duen zaintza, edo kasuak kasu, adingabearen babesa emateko egin den ebazpen judizial edo administratiboa.
KUOTAK SARTZEAZ ARDURATZEN DIREN LANGILEEN KASUAN BAKARRIK (norbere konturako langileak edo autonomoak eta antzekoak, eta aldizka lan egiten duten etxeko langileak):
- Aitorpen bat aurkeztu beharko dute, lanbide-jardueraren murrizketaren ehunekoa berariaz adieraziz, 40 orduko asteko lanaldiarekin.
BESTE DOKUMENTU BATZUK:
- Guraso bakarreko familien kasuan: Guraso bakarra dagoela adierazten duen familia-liburua edo bi baldin badaude, horietako baten heriotza-ziurtagiria, edo bietako batek familia utzi duela aitortzen duen ebazpen judiziala.
- Beste gurasoa, jagolea edo hartzailea Gizarte Segurantzaren Sistemaren barruan ez badago, kasuak kasu, hauek aurkeztu beharko ditu:
- Haren lantokiko langileen unitateak emandako ziurtagiria, Estatuko Klase Pasiboen Erregimeneko lan-jarduera egiten duela adieraziz, edo
- Dagokion Elkargo Profesionaleko ziurtagiria, jarduera profesionala bada.
- NORBERE KONTURAKO LANGILEENTZAT EDO AUTONOMOENTZAT SOILIK: langile autonomoak murrizten duen lanaldi profesionalaren zatiari dagokion jardueraren egoeraren aitorpena.
- BESTE GURASOA, JAGOLEA EDO HARTZAILEA FUNTZIONARIOA DEN KASUAN SOILIK, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren Legearen (EBEP) testu bategina onartzen duenaren, aplikazio-eremukoa bada: haren lantokiko langileen unitateak emandako ziurtagiria, adieraziz, batetik, EBEPa aplikatzen zaion edo ez, bestetik, aipatu legeko 49.e) artikuluan ezarritako baimenaz gozatzen duen edo ez, eta azkenik, zein den bere administrazio-egoera.
Inicio