3) Norberaren konturako lanarekin bateragarria den jarduera eteteagatik prestaziorako eskubidea (2/2021 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 26koa, 7. artikulua)
Ezaugarriak
Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 327. artikuluan aurreikusitako jarduera eteteagatik prestazioa eskatu ahal izango dute langile autonomoek, baldin eta 2/2021 Errege Lege Dekretuan eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 330.1 artikuluaren a), b), d) eta e) ataletan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Baldintzak
- 2021eko lehen seihilekoan, norberaren kontura egindako jardueraren sarrera konputagarriak % 50 baino gehiago murriztu direla frogatzea, 2019ko bigarren seihilekoarekin alderatuta, eta 2021eko seihileko horretan 7.980 eurotik gorako etekin garbiak (fiskalki konputagarriak) ez izatea.
Diru-sarreren murrizketa kalkulatzeko, 2019ko bigarren seihilekoan alta egoerako aldia hartuko da kontuan, eta proportzio berean alderatuko da 2021eko lehen seihilekoan izandako diru-sarreren zati proportzionalarekin.
Beren kargura langile bat edo gehiago dituzten langile autonomoen kasuan, prestazioa eskatzeko unean, beren gain hartutako laneko eta Gizarte Segurantzako betebehar guztiak betetzen dituztela frogatu beharko dute.
- Norberaren Konturako Langileen edo Autonomoen Erregimen Berezian edo, hala badagokio, Itsasoko Langileen Erregimen Berezian afiliatuta egotea eta alta egoeran egotea.
- Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 338. artikuluak jarduera uzteagatik azaltzen duen gutxieneko kotizazio-aldia beteta izatea.
- Erretirorako kotizaziopeko pentsiorako eskubidea izateko adin arrunta ez izatea, langile autonomoak horretarako eskatzen den kotizazio epea egiaztatu gabe izan ezean.
- Gizarte Segurantzako kuota guztiak eguneratuta izatea. Halere, jarduera eteten den unean baldintza hori betetzen ez bada, organo kudeatzaileak eskaera bidaliko dio langile autonomoari hogeita hamar eguneko epe luzaezinean zor dituen kuotak ordain ditzan. Zorpekoaren erregularizazioak erabateko efektua izango du babeserako eskubidea eskuratzerakoan.
Iraupena
Prestazio hori gehienez ere 2021eko maiatzaren 31 arte jaso ahal izango da, baldin eta langileak horretarako eskubidea badu, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 338. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Orobat, 2021eko maiatzaren 31 arte jasoko dute prestazio hori, 2021eko otsailaren 1ean horretarako eskubidea sortzen duten langile autonomoek, baldin eta aipatutako aginduan aurreikusitako eteteko eskubidea 2021eko maiatzaren 31 baino lehen agortzen bazaie, eta horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Egun horretatik aurrera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 330. artikuluko baldintza guztiak betetzen badira bakarrik jaso ahalko da jarduera eteteagatik prestazio hori.
Eskaera aurkezteko epea eta eskubidearen sorrera
Mutualitate laguntzaileek edo Itsasoko Gizarte Institutuak egingo dute prestazioaren onarpena, behin-behinean, eta 2021eko otsailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, otsailaren lehenengo hogeita bat egun naturalen barruan eskatzen bada; bestela, eskaera egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta 2021eko irailaren 1etik aurrera erregularizatu beharko da.
Kotizazioa prestazioa jasotzen den bitartean
Langile autonomoak, prestazioa jasotzen ari den bitartean, kotizazio guztiak ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, dagokion kotizazio-oinarriari indarrean dauden tasak aplikatuz.
Prestazioaren zenbatekoa
Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarri arautzaileari ehuneko 70 aplikatuko zaio, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 339. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
Jarduera etetearen prestazio ekonomikoaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, 2021eko otsailaren 1etik aurreko elkarren segidako hamabi hilabeteetan kotizatu den oinarrien batez bestekoa hartuko da.
Mutua laguntzaileak edo, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak, langileari jarduera eteteagatik prestazioa ordainduko dio, eta horrekin batera, langile autonomoak inolako jarduerarik egin gabe egoteagatik ordaindu beharko lituzkeen kontingentzia arruntengatiko kotizazioen zenbatekoa ordainduko dio ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 329. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Jarduera eteteagatik prestazioa bateragarria izan daiteke besteren konturako lan batekin, baldin eta norbere konturako lanetik eratorritako sarrera garbiak (fiskalki konputagarriak) gehi besteren konturako lanetik eratorritako diru-sarrerak ez badira LGSren zenbatekoa baino 2,2 aldiz handiagoak. Zenbateko hori kalkulatzean kontuan hartu behar da, besteren konturako lanetik eratorritako diru-sarrerek ezin dutela gainditu lanbide arteko gutxieneko soldata bider 1,25.
Kasu horretan, jarduera eteteagatik prestazioaren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50 izanen da.