Iradokizunak eta kexak
Iradokizun eta kexen inprimakien helburua da kalitatea hobetzeko aurkeztutako ekimenak jasotzea, bai eta herritarrak Gizarte Segurantzako Administrazioak emandako zerbitzuekin gustura ez egotearen adierazpenak jasotzea ere.
Araudia
Kexa eta iradokizunen inprimakiak arautzen dituen oinarrizko araudia Errege Dekretu honen IV. Kapituluan jasotzen da: 951/2005 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Estatuko Administrazio Orokorrean kalitatea hobetzeko esparru orokorra ezartzen duena.
Kokapena
Orri honetan, iradokizunak eta kexak bidaltzeko inprimaki elektronikoa eskaintzen zaie herritarrei. Hura erabiltzeko, DNI Elektronikoa edo onartutako ziurtagirien zerrendan ageri den aintzatetsitako beste edozein ziurtagiri digital (pertsona fisikoa/ pertsona juridikoa edo erakundea) behar duzu. Halaber, gainerako eskakizun teknikoak bete behar dituzu, eta nabigatzailea behar bezala konfiguratuta izan sinadura elektronikoa erabili ahal izateko.
Gainera, ziurtagiri hori Gizarte Segurantzaren bulego batean eskuratu ez den kasuan, ziurtagiri digitalaren identifikazio-datuek (pertsona fisikoa/pertsona juridikoa edo erakundea) bat etorri behar dute Gizarte Segurantzaren datu-basean agertzen direnekin.
Gainera, iradokizunak eta kexak aurkezteko inprimakiak daude herritarren eskura Gizarte Segurantzaren Arreta Bulego eta Zentro guztientzat, bai eta Gizarte Segurantzako Zerbitzu zentraletako, Probintzia-zuzendaritzetako eta Erakunde eta Entitateen beste unitate periferikoetako dokumentuen harrera- edo irteera-erregistro orokor eta osagarrietan ere. Horiek ikusteko moduan seinaleztatuta egongo dira, eta haien kokapenak irisgarria izan beharko du, herritarrek aurkitu eta erabili ahal izan ditzaten. Era berean, orrialde honen amaieran deskarga daiteke aipatutako instalazioetan aurkeztu beharreko inprimakia.
Aurkezteko moduak
Iradokizunak eta kexak bide hauen bidez aurkez daitezke:
- Bide telematikoz, eskuragarri duzun inprimaki elektronikoaren bitartez, DNI Elektronikoa edo onartutako beste edozein ziurtagiri digital (pertsona fisikoa/ pertsona juridikoa edo erakundea) erabiliz.
- Aurrez aurre, dagokion inprimakia betez. Orri honen amaieran dago inprimakia.
- Posta bidez, izena, abizenak eta helbidea jarrita, dagokion kopia eta erantzuna bidaltzeko.
Erantzuna
Inprimakia jasotakoan, dagokion Unitate Arduradunak horren berri eman beharko dio herritarrari 20 egun balioduneko epean. Epe hori eten ahal izango da, baldin eta interesatuari argibideak emateko eskatu behar bazaio 10 egun balioduneko epean, iradokizuna edo kexa behar bezala izapidetzeko.
Epe hori igaro eta erantzunik jaso ez bada, interesdunak iradokizuna edo kexa aurkeztu duen erakundeko Zerbitzuen Ikuskaritza Orokorrera jo ahal izango du, erantzunik eza eragin duten arrazoiak ezagutzeko eta Ikuskaritza horrek, hala badagokio, organo eskudunei neurri egokiak har ditzaten proposatzeko.
Oharrak
Aurkezten diren kexak ez dira, inola ere, administrazio-errekurtsotzat hartuko, eta horiek aurkezteak ez ditu indarrean dagoen araudian ezarritako epeak geldiaraziko.
Kexa bat aurkezteak ez du inola ere baldintzatzen bertan interesdun direnek gainontzeko ekintzak edo eskubideak egikaritzea, prozedura bakoitzaren araudiari jarraiki.
Orrialde honen amaieran dagoen inprimakia aurrez-aurre entregatu nahi bada, behar beste kopia zuri lor daitezke eskuz betetzeko edo eskatutako datuak idatzi eta berehala nahi beste kopia lortu ahal izango dira (4 kopia hartzea gomendatzen da, hauetako bat aurkeztuko den bulegoan zigilatzeko).
| Documentos | Descarga | Fecha |
|---|---|---|
| 49684 Kexa eta Iradokizun inprimakia |
|
15/09/2020 |
Inicio