Langileen Estatutuko jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa
Enpleguan eta okupazioan emakume eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko neurri urgenteei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-Dekretuak prestazio berri bat sortu du: jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa, eta amatasun eta aitatasunagatiko prestazioak ordeztu eta biltzen ditu.
Langileen Estatutua aplikatzen zaien langileentzat jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioak 16 astez iraungo du guraso bakoitzeko erditzerik bada; horietatik erditu eta berehalako 6 asteak derrigorrezkoak izango dira (aitatasunagatik enpresen kargura izaten ziren bi egunak desagertzen dira), eta jarraian eta lanaldi osoko bezala hartu beharko dira. Geratzen diren beste 10 asteak, lanaldi osoko edo partzialeko bezala hartu ahal izango dira, asteka, lehenengo aldiarekiko metatuta edo jarraitua, eta lehenengo 6 asteak amaitu ostean seme-alabak 12 hilabete dituen arte hartu ahal izango dira. Asteko aldi edo aldi metatu bakoitzaren berri eman beharko zaio enpresari, gutxienez 15 egun lehenago, eta enpresa-ziurtagiri bat aurkeztu beharko da baimen-aldi bakoitzeko. Ama biologikoak 4 astez aurreratu ahal izango du prestazioa, erditzea aurreikusten den data baino lehenago.
Langileen Estatutua aplikatzen zaien langileentzat, jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioak, adopzio, familia-harrera edo adoptatzeko helburuarekin egiten den zaintza kasuetanguztira 16 aste iraungo ditu guraso bakoitzarentzat; horietatik 6 aste derrigorrezkoak, jarraituak eta lanaldi osokoak izango dira, eta ebazpen judiziala edo erabaki administratiboa gauzatu eta berehala hartu beharko dira. Geratzen diren beste 10 asteak, asteka, metatuta edo etenda hartu ahal izango dira, ebazpen judiziala edo erabaki administratiboa gauzatu eta hurrengo 12 hilabetetan.
Bai erditzerik bada, bai adopzio, familia-harrera edo adoptatzeko helburuarekin egiten den zaintza kasuetan, prestazioa luzatu egin hala izango da motibo hauek medio:
- Aste 1 guraso bakoitzarentzat, seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, jaiotza, adopzio, edo familia-harrera anitza bada.
- Aste 1 guraso bakoitzarentzat seme-alaba desgaitua bada.
- Erditze goiztiarra eta erditze osteko ospitaleratzea bada (7 egun baino gehiago izan beharko dira), gehienez 13 aste.
Prestazio berri hau indarrean jarriko da 2019ko apirilaren 1az gero jaiotza, adopzio, adoptatzeko helburuarekin egiten diren zaintza eta familia-harrera kasuetarako. Hala ere, pixkanaka aplikatuko da; horiek horrela, 2019rako:
Araudi berria bere osotasunean aplikatuko da erditze kasuetan eta ama biologikoarentzat. Beste gurasoak (erditze kasuetan) 8 asteko prestazioa jasoko du, eta horietatik 2 aste derrigorrezkoak, jarraituak eta lanaldi osokoak izango dira, erditu eta berehala. Geratzen diren beste 6 asteak, jarraituak edo etenak izango dira, asteka, lanaldi osoko erregimenean edo erregimen partzialean. Aukera dago, baita ere, ama biologikoak gehienez 4 aste emateko beste gurasoari.
2019rako adopzio, familia-harrera edo adoptatzeko helburuarekin egiten den zaintza kasuetan, guraso bakoitzak 6 aste izango ditu, derrigorrezkoak, jarraituak eta lanaldi osokoak, eta ebazpen judiziala edo erabaki administrazioa gauzatu eta berehala hartu beharko dira. Beste 12 aste boluntarioak dira eta bi gurasoen artean banatu ahal dira (jarraituak, ebazpen judiziala edo erabaki administratiboaren ondorengo 12 hilabetetan), eta kontuan hartuko da 12 aste horietatik guraso bakoitzak indibidualki gehienez lanaldi osoko edo partzialeko 10 aste hartu ahal izango dituela.