Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera

Resultados de la búsqueda

Sartu nahi duzun orria ez dago zuk aukeratutako hizkuntzan eskuragarri. Barkatu eragozpenak.
Eskuragarri dauden hizkuntzak: Castellano

Sartu nahi duzun orria ez dago zuk aukeratutako hizkuntzan eskuragarri. Barkatu eragozpenak.
Eskuragarri dauden hizkuntzak: Castellano

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera da bakarrik bizi diren edo bizikidetza-unitate batean sartuta dauden eta oinarrizko premiak asebetetzeko oinarrizko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen pobrezia eta gizarte-bazterketako arriskua saihesteko balio duen prestazioa.

Prestazio ekonomikorako eskubide subjektiboa da, Gizarte Segurantzaren babes-ekintzaren baitakoa, eta gutxieneko errenta-maila bermatzen die egoera ekonomiko ahulean daudenei.  Onuradunen gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak benetan hobetzea du helburu.

Babes-sare gisa dihardu, baztertuta egotetik gizartean parte hartzera igaro ahal izateko. Horretarako, enplegurako eta gizarteratzeko pizgarriak izango ditu barnean, administrazioen arteko lankidetza-formula anitzen bitartez.


Zenbatekoak

    1. Zenbatekoa zehaztea

Banakako onuradunaren edo bizikidetza-unitatearen bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbatekoa eskuratzeko, bermatutako errentaren eta pertsona horien errenta eta diru-sarrera guztien arteko aldea kalkulatuko da, betiere lortzen den zenbatekoa hilean 10 eurokoa edo hortik gorakoa bada.

Honako hau da errenta bermatuaren hileko zenbatekoa:

  • Banakako onuradunarentzat: laguntza-pentsioen urteko zenbatekoaren % 100 zati hamabi. 2020an, 461,53 euro dira.  
  • Bizikidetza-unitatearen kasuan, aurreko zenbatekoa % 30 handituko da unitateko kide osagarri bakoitzeko –bigarrenetik aurrera–, betiere % 220ko gehienekoarekin. Hauek dira 2020rako zenbatekoak:

    • 599,99 euro, bi helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.         
    • 738,45 euro, bi helduk eta adingabe batek edo hiru helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.
    • 876,91 euro, bi helduk eta bi adingabek, hiru helduk eta adingabe batek, edo lau helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.  
    • 1.015,37 euro, bi helduk eta hiru adingabek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitate baterako, edo hiru helduk eta bi adingabek edo gehiagok osatutakoetarako, edo lau helduk eta adingabe batek osatutakoetarako.

  • Aurreko puntuan adierazitako zenbatekoa laguntza-pentsioen urteko zenbatekoa zati hamabi egin eta haren % 22ko osagarriarekin handituko da, baldin eta bizikidetza-unitatea guraso bakarrekoa bada (heldu bakarra, seme-alaba adingabe batekin edo gehiagorekin, edo adingabe bat edo gehiago, familia-harrera iraunkorreko erregimenean edo adopzio-helburuak dituen zaintzan, bizikidetza-unitatearen sostengatzaile bakarra denean). Hauek dira 2020rako zenbatekoak:

    • 701,53 euro, heldu batek eta adingabe batek osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.
    • 839,98 euro, heldu batek eta bi adingabek osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.
    • 978,44 euro, heldu batek eta hiru adingabek edo gehiagok osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.

Zenbatekoa zehazteko, ulertuko da bizi diren unitateko parte direla seme-alabak edo desgaitasunen bat duten adingabeak edo adinekoak, judizialki ezarritako zaintza partekatuko kasuetan familia-unitate desberdinetako kideak badira.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak salbuetsita egongo dira prestazio farmazeutiko anbulatorioari ekarpena egitetik.

ERRENTA BERMATUAREN ZENBATEKOAK 2020AN
                                                         
Euro urtean
Heldu bakarra
5.538
Heldu bat eta adingabe bat
8.417,76
Heldu bat eta bi adingabe
10.079,16
Heldu bat eta hiru adingabe edo gehiago
11.740,56
Bi heldu
7.199,4
Bi heldu eta adingabe bat
8.860,8
Bi heldu eta bi adingabe
10.522,2
Bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago
12.183,6
Hiru heldu
8.860,8
Hiru heldu eta adingabe bat
10.522,2
Hiru heldu eta hiru adingabe edo gehiago
12.183,6
Lau heldu
10.522,2
Lau heldu eta adingabe bat
12.183,6
Beste batzuk
12.183,6

2. Zenbatekoa aldatzea

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak edo bizikidetza-unitateko kideren batek aldaketarik balu inguruabar pertsonalean, ekonomikoan edo ondarean, aldatu egin ahalko da prestazio ekonomikoaren zenbatekoa, erakunde kudeatzaileak dagokion berrikuspena egin ostean.

Aldaketa eragin duen inguruabarra gertatu eta hurrengo hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak esandako aldaketa horrek.

Nolanahi ere, prestazioaren zenbatekoa urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera eguneratuko da, aurreko ekitaldiko urteko diru-sarrera konputagarriak erreferentziatzat hartuta. Aurreko ekitaldiko urteko diru-sarrera konputagarrien aldaketak prestazioa azkentzea eragiten badu, horrek ere sarrerei dagokien urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Bidegabe jasotako prestazioak bueltatzea

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, onuradunen kaltetan, ofizioz berrikusi ahal izango ditu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioari buruzko egintzak, betiere berrikuspen hori administrazio-ebazpena eman zenetik gehienez lau urteko epean egiten bada –eta ez bada aurkaratu ebazpen hori–. Era berean, behar ez bezala jasotako prestazioak ofizioz aitortzeko eta itzultzeko eskatu ahal izango du.

Erakunde kudeatzaileak noiznahi zuzendu ahal izango ditu akats materialak, egitatezkoak eta aritmetikoak, bai eta onuradunaren adierazpenetan omisioak edo zehaztugabetasunak egiaztatu izanaren ondoriozko berrikuspenak ere, eta, hala badagokio, arrazoi horrengatik bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatu ahal izango ditu.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoez bestelako kasuetan, onuradunen kalterako berrikuspena Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen arabera egingo da.

Baldin eta, ebazpen bidez, prestazioaren zenbatekoa azkentzea edo aldatzea erabakitzen bada kalkulua eragin zuten inguruabarrak aldatu direlako, eta ez badago prestaziorako eskubiderik edo jaso beharreko zenbatekoa txikiagoa bada jasotako zenbatekoa baino, prestazioaren onuradunak beharturik egongo dira behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzera, honako bi lege-testu hauetan zehaztutako prozeduren bidez: batetik, otsailaren 5eko 148/1996 Errege Dekretua, bidegabe jasotako Gizarte Segurantzaren prestazioak eta Segurtasuna Biltzeko Erregelamendu Orokorra onartzen duena, eta, bestetik, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Bilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duena.

Bidegabeki jasotako prestazioak itzultzearen erantzule solidario izango dira onuradunak eta, egitate, ez-egite, negozio edo egintza juridikoen ondorioz, prestazio bat iruzurrez lortzen parte hartzen duten pertsona guztiak. Erantzule solidarioei printzipala ez ezik lehen erantzuleari eskatu beharreko errekarguak eta interesak ere eskatu ahal izango zaizkie, bai eta zorra kobratzeko sortzen diren kostu guztiak ere.

Aurreko kasuetan, borondatezko epean ordaintzeko epea zorra ordaindu gabe igarotakoan, dagozkion errekarguak aplikatuko dira, eta berandutze-interesen sortzapena hasiko da; halere, horrek ez du eragotziko azken horiek nahitaezko diru-bilketaren aldiari dagokionez bakarrik eskatzekoak izatea. Erregelamendu bidez zehazten diren kasuetan, erakunde kudeatzaileak erabaki ahal izango du zorra bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hileko zenbatekoekin konpentsatzea, hileko sari bakoitzaren gehieneko ehuneko jakin batera arte.

Iraupena

Prestazioa eskuratzeko eskubidea eskaera aurkezten den dataren hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera sortuko da.
Eskubide horrek indarrean jarraituko du, baimena ematea eragin zuten arrazoiek irauten duten bitartean eta legean aurreikusitako betekizunak eta betebeharrak betetzen diren bitartean.

  • Eskubidea etetea

Prestazioa jasotzeko eskubidea honako arrazoi hauengatik etengo da:

a) Aitorpena egiteko eskatutako baldintzaren bat aldi baterako galdu izanagatik.

b) Onuradunak, titularrak edo bizikidetza-unitateko kideren batek behin-behinean ez betetzeagatik prestazioa eskuratzerakoan bere gain hartu zituen betebeharrak.

c) Kautelaz, susmatzen baldin bada onuradunak, titularrak edo haren bizikidetza-unitateko kideren batek ez dituela betetzen prestazioa eskuratzean ezarritako betekizunak edo bere gain hartutako betebeharrak, erakunde kudeatzaileak hala ebazten duenean.

Halaber, kautelaz etetea ezarriko da, baldin eta atzerrira joaten bada urtean 90 egun naturalez baino gehiagoz –izan jarraian ala ez–, erakunde kudeatzaileari aldez aurretik jakinarazi gabe eta behar bezala justifikatuta egon gabe.

d) Ez betetzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eta laneko errenten edo norberaren konturako jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasunari lotutako baldintzak.

e) Erregelamenduz zehazten den beste edozein arrazoi.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea eteteak berekin ekarriko du prestazioaren ordainketa bertan behera geratzea, eteteko arrazoiak gertatu diren hilaren edo erakunde kudeatzaile eskudunak horren berri izan eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera, betiere bidegabe jasotako zenbatekoak bueltatzeko betebeharraren kalte gabe. Etenaldi horrek indarrean jarraituko du eragin duten inguruabarrek irauten duten bitartean.

Etenaldiak urtebetez irauten badu, azkendu egingo da prestazioa jasotzeko eskubidea.

Eskubidea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen badira, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta berrekingo zaio eskubideari, betiere eskubidea aitortzea eragin zuten betekizunen beren horretan jarraitzen baldin badute. Etete hori eragin zuten arrazoiak amaitu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera sortuko da berriro ere esandako prestazioa.

Eteteko arrazoiek beren horretan jarraitzen badute, eskubidea aldatu edo azkendu egingo da, segun eta zer dagokion.

  • Eskubidea azkentzea

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea arrazoi hauengatik azkenduko da:

a) Titularra hiltzea. Hala ere, bizikidetza-unitateen kasuan, baldintzak betetzen dituen beste edozein kidek aurkeztu ahal izango du beste eskabide bat. Eskaera  hiru hilabeteko epean aurkezten bada –heriotza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita–, heriotzaren egunaren hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera sortuko dira inguruabar berrien arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen eskubidearen ondorio ekonomikoak, betiere adierazitako epearen barruan egiten bada eskaera.    

b) Prestazioa mantentzeko eskatutako baldintzaren bat behin betiko galtzea.

c) Hala zehazten duen zehapen-prozedura batean emandako ebazpena.      

d) Erakunde kudeatzaileari jakinarazi edo justifikatu gabe Espainiatik irtetea urtean 90 egun natural baino gehiagoko aldian, izan aldi hori jarraitua ala ez.

e) Eskubideari uko egitea.

f) Prestazioa urtebetetik gora etetea.

g) Ez betetzea, behin eta berriz, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eta laneko errenten edo norberaren konturako jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasunari lotutako baldintzak.

h) Erregelamenduz zehazten den beste edozein arrazoi.

Prestazioa jasotzeko eskubidea azkentzeak horretarako arrazoiak gertatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren simulagailua

Simulagailu horrek zure egoerari buruzko galdera batzuk egingo dizkizu, eta, erantzunen arabera, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko baldintzak betetzen dituzun jakin ahal izango duzu, eta dagokizun gutxi gorabeherako zenbatekoa jakin ahal izango duzu.

Kontuan izan simulazio honek ez duela prestazioa tramitatzen, eta emaitzak informazio balioa baino ez duela.

Simulagailuan sartzeko honako esteka hau erabil dezakezu: Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren simulagailua.


Ohiko galderak

Ohiko galderak atalean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko zenbait galdera argitaratuta daudelarik, prestazio berri horri buruzko ohiko zalantzak argitu ahal izango dituzte. Eguneratzen joango dira, sortzen direnak sartzeko.

Complementary Content
${loading}