Erretiroa hartzeko ohiko adina murriztu edo aurreratu egin daiteke, lan nekagarriak, arriskutsuak, toxikoak edo osasungaitzak egiten dituzten eta gaixotasun edo heriotza tasa altuak dituzten talde edo jarduera profesionaletan, betiere, eraginpeko langileek dagokien lanean ezarritako gutxieneko lan jarduna egin izana egiaztatzen badute, altan edo antzeko egoeran badaude eta gainerako baldintza orokorrak betetzen badituzte.
Koefiziente murriztaileak aplikatzeak ezin du interesdunak erretiro pentsioa 52 urte bete baino lehen izatea ekarri. Muga horrek ez die Erregimen Berezietako (Ikatz Meatzaritza eta Itsasoko Langileak) langileei eragingo, 08-01-01ean erretiroa hartzeko adinaren koefiziente murriztaileak aitortuak bazituzten. Horiei aurreko araudia aplikatuko zaie.
2008-01-01etik aurrera, koefiziente murriztaileak ez dira kontuan hartuko honakoetarako eskatutako adina egiaztatzeko orduan: erretiro partziala, erretiro aurreratua mutualistentzat eta erretiro aurreratuaren beste edozein modalitate, ezta ohiko erretiro adinaren ondoren erretiroa hartzen dutenentzat ehuneko gehigarria kalkulatzeko ere .
Erretiroa hartzeko adina murrizteko jarraitu behar den prozedura orokorra erregelamenduz ezarriko da. Bertan aurreikusiko da sektorean lan baldintzen istripu tasari, nekagarritasunari, arriskuari eta toxikotasunari buruz aldez aurreko azterlanak egitea, baita horiek langileei eragindako lanerako ezintasun prozesuen maiztasunari eta lan jarduerak egiteko behar diren baldintza fisikoei buruz ere.