Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera da bakarrik bizi diren edo bizikidetza-unitate batean sartuta dauden eta oinarrizko premiak asebetetzeko oinarrizko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen pobrezia eta gizarte-bazterketako arriskua saihesteko balio duen prestazioa.

Prestazio ekonomikorako eskubide subjektiboa da, Gizarte Segurantzaren babes-ekintzaren baitakoa, eta gutxieneko errenta-maila bermatzen die egoera ekonomiko ahulean daudenei.  Onuradunen gizarteratzeko eta laneratzeko aukerak benetan hobetzea du helburu.

Babes-sare gisa dihardu, baztertuta egotetik gizartean parte hartzera igaro ahal izateko. Horretarako, enplegurako eta gizarteratzeko pizgarriak izango ditu barnean, administrazioen arteko lankidetza-formula anitzen bitartez.


Onuradunak

1. Onuradun indibidualak:

  • Bakarrik bizi diren 23 eta 65 urteko pertsonak edo, bizikidetza-unitate batean bizi arren, unitate horretan bilduta ez daudenak, betiere:
    • Ez badaude ezkonduta, salbu eta banantze- edo dibortzio-izapideak hasi badituzte.
    • Ez badira beste norbaiten izatezko bikotekide.
    • Ez badira beste bizikidetza-unitate bateko kide.
    • Eskaera egin aurreko hiru urteetan, gutxienez, modu independentean bizi izan direnak, salbu eta ohiko bizilekua utzi badute genero-indarkeriaren biktima izateagatik, banantze- edo dibortzio-izapideak hasi badituzte, edo zehazten diren beste inguruabar batzuk betetzen badituzte. Pertsona bat modu independentean bizi izan dela ulertuko da, Gizarte Segurantzan alta emanda egon bada gutxienez hamabi hilabetez –izan jarraian edo ez–, betiere bere guraso, tutore edo harreragilearena ez den beste bizileku bat egiaztatzen badu hiru urteetan.
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakume adindunak, edo giza salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak.
  • Erabiltzaileek ez dute eskubiderik izango egoitza-zerbitzu sozial, sanitario edo soziosanitario iraunkor baten prestazioa jasotzeko, funts publikoekin finantzatua, genero-indarkeriaren biktima diren edo giza salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima diren emakumeak izan ezik.

2. Bizikidetza-unitateko titularrak:

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrek –hau da, prestazioa bizikidetza-unitatearen izenean jasotzen dutenek eta hura ordezkatzen dutenek– jarduteko gaitasun osoa izan beharko dute, eta 23 eta 65 urte bitarteko adina.

Titular izan ahalko dira, halaber, baldin eta jarduteko gaitasun osoa badute:

  • Adindunak  edo adingabe emantzipatuak, baldin eta seme-alabak edo adingabeak badituzte, azken horiek adopzio-helburuko zaintza-erregimenean edo familia-harrera iraunkorrean.
  • 65 urtetik gorakoak, baldin eta bizikidetza-unitatea 65 urtetik gorako pertsonek eta adingabeek edo judizialki ezgaituta dauden pertsonek bakarrik osatzen badute. 

    Nolanahi ere, etxebizitza berean gehienez bi titular egon daitezke.  

3. Bizikidetza-unitatea:

  • Bizikidetza-unitatea honako hauek osatzen dute: etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiek, ezkontzaz elkarturik edo izatezko bikote gisa loturik, eta bigarren mailara arteko senitartekoek –odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezkoak– bai eta adopzio-helburuekin edo familia-harrera iraunkorrarekin bizi diren beste pertsona batzuek ere.
  • Halaber, bizikidetza-unitate izango dira hauek ere:

    • Genero-indarkeriaren biktima den pertsona bat, ohiko familia-bizilekua utzi duena, seme-alabekin edo adopzio-helburuko zaintza-araubidean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeekin eta bigarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideekin batera.
    • Banantze- edo dibortzio-izapideak hasi dituen pertsona batek osatutakoa, eta haren seme-alabek edo adopzio-helburuko zaintza-araubidean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeek eta odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko senitartekoek.  
    • 23 eta 65 urtera bitarteko bi adinez edo gehiagoz osatutakoa, baldin eta etxebizitza berean bizi badira aurreko puntuetan adierazitako harremanetako bat izan gabe, zehazten diren baldintzetan, eta betiere eskabidea egin aurreko 3 urteetan modu independentean bizi izan badira, salbu eta ohiko bizilekua utzi badute genero-indarkeriaren biktima izateagatik, banantze- edo dibortzio-izapideak hasi badituzte edo zehazten diren beste inguruabar batzuk gertatu badira. Bizikidetza-unitate horiek edo onuradun indibidual batek familia edo antzeko harreman bateko kideek osatutako beste bizikidetza-unitate batekin parteka dezakete etxebizitza.
  • Bizikidetza-unitateak gutxienez urtebetez eratuta egon behar du, etenik gabe, eskaera aurkeztu aurretik.
  • Honako kasu hauetan, ez da beharrezkoa izango bizikidetza-unitatea eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago eratuta egotea:
    • Genero-indarkeriaren biktima izateagatik ohiko bizilekua utzi duten emakumeak, seme-alabekin edo adopzio-helburuko zaintza-araubidean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeekin eta odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideekin batera.
    • Banantze- eta dibortzio-izapideak hasi dituzten pertsonak, seme-alabekin edo adopzio-helburuko zaintza-araubidean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeekin eta bigarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideekin batera.
    • Giza salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak.
    • Bizikidetza-unitatean kide berriak gaineratzen badira, jaiotza, adopzio, adopzio aurreko zaintza edo familia-harrera iraunkorragatik.
    • Erregelamenduz zehazten diren beste kasu batzuk.

  • Ez du bizikidetza hautsiko ikasketengatik, lanagatik, tratamendu medikoagatik, errehabilitazioagatik edo antzeko beste arrazoi batzuengatik aldi baterako bananduta egoteak.
  • Pertsona bat ezin da bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko kide izan.

Baldintzak

Ondoren zehazten diren baldintza hauek bete behar dira, bai eskabidea aurkezteko unean, bai eskabidea berrikustean, eta mantendu egin behar dira ebazpena ematean eta prestazioa jasotzen den bitarte guztian:

1. Egoitza Espainian izatea.

Banakako onuradunek edo bizikidetza-unitate bateko kideek Espainian bizi behar dute eskabidea aurkeztu aurreko urtebetean gutxienez –izan modu jarraituan, izan etengabean–, honako kasu hauetan izan ezik:

  • Bizikidetza-unitatean jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko zaintzagatik edo familia-harrera iraunkorragatik sartutako pertsonak.  
  • Giza salerosketaren eta sexu-esplotazioko salerosketaren biktimak, betiere biktima horiei arreta osoa emateaz arduratzen diren zerbitzu publikoek edo gizarte-zerbitzuek egindako txostenaren bidez egiaztatzen badira.
  • Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, betiere genero-indarkeriaren aurka osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan ezarritako edozein bitartekoren bidez egiaztatuak badira.

2. Ekonomikoki egoera kalteberan egotea:     

Ahultasun ekonomikoa zehazteko, eskatzaile indibiduala edo bizikidetza-unitatearen eskatzailearen gaitasun ekonomikoa hartzen da aintzat, kide guztien baliabide guztiak zenbatuta.

Eskakizun hori betetzat hartuko da, baldin eta aurreko ekitaldiko urteko diru-sarrera eta errenta konputagarrien hileko batez bestekoa gutxienez 10 euro baino txikiagoa bada bizikidetza-unitateko kide kopuruaren eta modalitatearen arabera dagokion bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak bermatzen duen hileko zenbatekoa baino.
Ez dira diru-sarrera gisa zenbatzen autonomia-erkidegoek emandako sari sozialak, laneratzeko gutxieneko errentak eta gizarte-laguntzako antzeko laguntzak.

Ez da hauskortasun ekonomikoko egoeratzat hartuko ondare baten titularra den onuradun indibiduala, ohiko etxebizitza barnean hartu gabe, baldin eta ondare horren balioa bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak onuradun indibidual bati aitortzen dion zenbatekoaren hirukoitza edo handiagoa bada. 2020an, 16.614 euro dira.

Bizikidetza-unitateen kasuan, ez da jotzen egoera ekonomiko ahulean daudenik ondare baten titularrak direnean, ohiko etxebizitza barnean hartu gabe, baldin eta ondare horren balioa taula honetan adierazitako zenbatekoaren berdina edo handiagoa bada, bizikidetza-unitatearen neurriaren eta konfigurazioaren arabera.

                                                       
Osagarrien eskala

Muga eurotan

Heldu bat bakarrik
16.614 16.614,00
Heldu bat eta adingabe bat 1,4
23.259,60
Heldu bat eta bi adingabe
1,8
29.905,20
Heldu bat eta hiru adingabe edo gehiago
2,2
36.550,80
Bi heldu
1,4
23.259,60
Bi heldu eta adingabe bat
1,8
29.905,20
Bi heldu eta bi adingabe
2,2
36.550,80
Bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago
2,6
43.196,40
Hiru heldu
1,8
29.905,20
Hiru heldu eta adingabe bat
2,2
36.550,80
Hiru heldu eta hiru adingabe edo gehiago 2,6
43.196,40
Lau heldu
2,2
36.550,80
Lau heldu eta adingabe bat
2,6
43.196,40
Beste batzuk
2,6
43.196,40

Era berean, ez dira hauskortasun ekonomikoko egoeran egongo, ondarearen balioespena edozein dela ere, banakako onuradunak edo bizikidetza-unitate batean sartzen diren pertsonak, baldin eta unitate horretako kideetako edozein merkataritza-sozietate bateko zuzenbideko administratzailea bada.

3. Eskuratzeko eskubidea duen pentsio eta prestazioak eskatu izana, ezartzen diren baldintzetan. Salbuetsita daude sari sozialak, laneratzeko gutxieneko errentak eta autonomia-erkidegoek emandako gizarte-laguntzako antzeko laguntzak.

4. Enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, adindunen edo adingabe emantzipatuen kasuan, ez badira lanean ari.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzea bateraezina izango da seme-alaba edo familian hartutako adingabe bakoitzeko esleipen ekonomikoa jasotzearekin –desgaitasunik ez badu edo % 33tik beherako desgaitasuna badu–, kausatzailea edo onuradunak berberak direnean, haietako bat aukeratzeko eskubidea baliatzeko aukeraren kalte gabe.

Baldintzak egiaztatzea

1. Eskatzaileen eta bizikidetza-unitatea osatzen dutenen nortasuna egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala aurkeztu beharko da espainiarren kasuan, edo familia-liburua edo jaiotza-ziurtagiri literala, nortasun agiri nazionala ez duten 14 urtetik beherakoen kasuan; eta, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun-agiria edo pasaportea.

2. Espainian legezko egoitza egiaztatzeko, atzerritarren erregistro zentralean eman beharko da izena, Europar Batasuneko estatu kideetako, Europako Esparru Ekonomikoko edo Suitzako Konfederazioko nazionalen kasuan; beste nazionalitate bateko atzerritarren kasuan, Batasuneko herritarraren senide-txartela edo egoitza-baimena, edozein modalitatetan.

3. Espainiako egoitza errolda-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

4. Bizikidetza-unitatea frogatzeko,  familia liburua, erregistro  zibileko ziurtagiria, izatezko bikoteen erregistro batean inskribatzea eta etxebizitza berean erroldatuta egotearen ziurtagiria aurkeztuko dira.

5. Bizikidetza-unitate mota hauek frogatzeko, erroldatze ziurtagiria aurkeztuko da, non eskatzailearen etxean erroldaturik dauden pertsona guztiak agertuko baitira:  

    • Genero-indarkeriaren biktima den pertsona batek osatzen duena, baldin eta bere etxetik alde egin badu, seme-alabekin batera edo zaintzapeko adingabeekin batera, adopziorako edo familia-harrera iraunkorrerako, bai eta bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideekin batera ere. Egoera hori Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integralerako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez egiaztatuko da.   
    • Banantze edo dibortzio tramiteak hasi dituen pertsona batek eta haren seme-alabek eta adingabeek osatzen dutena, familia adopziorako edo familia-harrera iraunkorrerako zaintzan, bai eta bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideek ere. Kasu horretan, gainera, demanda edo ebazpen judiziala aurkeztuta egiaztatu beharko da.
    • Etxebizitza berean bizi diren 23 urtetik gorako edo 65etik beherako bi pertsonak edo gehiagok osatzen dutena, aurreko puntuetan adierazitako harremanetako bat elkarren artean izan gabe, zehaztuko den moduan, eta, betiere, eskaera egin aurreko 3 urteetan gutxienez modu independentean bizi izan badira, salbu eta genero-indarkeriaren biktima izateagatik ohiko bizilekua utzi badute, banantzeko edo dibortziatzeko izapideak hasi badituzte edo zehazten diren bestelako inguruabarrak badituzte.    

6. Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerako prestazio ekonomikoa eskuratzeko eta mantentzeko diru-sarreren eta ondarearen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erakunde kudeatzaileak erabiliko du Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Nafarroako Foru Ogasunek eta Euskadiko lurralde historikoek baliabide telematikoen bidez jasotzen duten informazioa. Horretarako, ogasun publiko horietan azterketa edo kontroleko jarduera egin aurreko ekitaldiari buruz dagoen informazioa hartuko da erreferentziatzat, edo, halakorik ezean, administrazio publiko horietan dagoen informazio eguneratuena hartuko da.

Eskaeran, interesdun bakoitzak espresuki baimena emanen dio eskaera tramitatzen duen administrazioari bere zerga datuak jaso ditzan Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik, Autonomia Erkidegoetako Zerga Administrazioetatik, Nafarroako Foru Ogasunetik edo Euskadiko Foru Aldundietatik eta Higiezinen Katastroaren Zuzendaritza Nagusitik.

7. Enplegu eskatzailearen egoera frogatzeko administrazio eskudunak luzatutako agiria edo entitate kudeatzaileak emandako sarbide elektronikoa aurkeztuko da.

8. Ez zaio eskatzaileari eskatuko Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere kabuz ezagutu behar dituen egitate, datu edo egoerak egiaztatzea, hala nola, onuradunaren egoera Gizarte Segurantzaren sistemarekiko, edo bizikidetza-unitateko kideek beste prestazio ekonomiko bat jasotzen badu eta egoera hori gizarte-prestazio publikoen erregistroan jasota badago.  

Zenbatekoak

    1. Zenbatekoa zehaztea

Banakako onuradunaren edo bizikidetza-unitatearen bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbatekoa eskuratzeko, bermatutako errentaren eta pertsona horien errenta eta diru-sarrera guztien arteko aldea kalkulatuko da, betiere lortzen den zenbatekoa hilean 10 eurokoa edo hortik gorakoa bada.

Honako hau da errenta bermatuaren hileko zenbatekoa:

  • Banakako onuradunarentzat: laguntza-pentsioen urteko zenbatekoaren % 100 zati hamabi. 2020an, 461,53 euro dira.  
  • Bizikidetza-unitatearen kasuan, aurreko zenbatekoa % 30 handituko da unitateko kide osagarri bakoitzeko –bigarrenetik aurrera–, betiere % 220ko gehienekoarekin. Hauek dira 2020rako zenbatekoak:

    • 599,99 euro, bi helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.         
    • 738,45 euro, bi helduk eta adingabe batek edo hiru helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.
    • 876,91 euro, bi helduk eta bi adingabek, hiru helduk eta adingabe batek, edo lau helduk osatutako bizikidetza-unitate baterako.  
    • 1.015,37 euro, bi helduk eta hiru adingabek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitate baterako, edo hiru helduk eta bi adingabek edo gehiagok osatutakoetarako, edo lau helduk eta adingabe batek osatutakoetarako.

  • Aurreko puntuan adierazitako zenbatekoa laguntza-pentsioen urteko zenbatekoa zati hamabi egin eta haren % 22ko osagarriarekin handituko da, baldin eta bizikidetza-unitatea guraso bakarrekoa bada (heldu bakarra, seme-alaba adingabe batekin edo gehiagorekin, edo adingabe bat edo gehiago, familia-harrera iraunkorreko erregimenean edo adopzio-helburuak dituen zaintzan, bizikidetza-unitatearen sostengatzaile bakarra denean). Hauek dira 2020rako zenbatekoak:

    • 701,53 euro, heldu batek eta adingabe batek osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.
    • 839,98 euro, heldu batek eta bi adingabek osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.
    • 978,44 euro, heldu batek eta hiru adingabek edo gehiagok osatutako guraso bakarreko bizikidetza-unitateek.

Zenbatekoa zehazteko, ulertuko da bizi diren unitateko parte direla seme-alabak edo desgaitasunen bat duten adingabeak edo adinekoak, judizialki ezarritako zaintza partekatuko kasuetan familia-unitate desberdinetako kideak badira.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak salbuetsita egongo dira prestazio farmazeutiko anbulatorioari ekarpena egitetik.

ERRENTA BERMATUAREN ZENBATEKOAK 2020AN
                                                         
Euro urtean
Heldu bakarra
5.538
Heldu bat eta adingabe bat
8.417,76
Heldu bat eta bi adingabe
10.079,16
Heldu bat eta hiru adingabe edo gehiago
11.740,56
Bi heldu
7.199,4
Bi heldu eta adingabe bat
8.860,8
Bi heldu eta bi adingabe
10.522,2
Bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago
12.183,6
Hiru heldu
8.860,8
Hiru heldu eta adingabe bat
10.522,2
Hiru heldu eta hiru adingabe edo gehiago
12.183,6
Lau heldu
10.522,2
Lau heldu eta adingabe bat
12.183,6
Beste batzuk
12.183,6

2. Zenbatekoa aldatzea

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunak edo bizikidetza-unitateko kideren batek aldaketarik balu inguruabar pertsonalean, ekonomikoan edo ondarean, aldatu egin ahalko da prestazio ekonomikoaren zenbatekoa, erakunde kudeatzaileak dagokion berrikuspena egin ostean.

Aldaketa eragin duen inguruabarra gertatu eta hurrengo hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak esandako aldaketa horrek.

Nolanahi ere, prestazioaren zenbatekoa urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera eguneratuko da, aurreko ekitaldiko urteko diru-sarrera konputagarriak erreferentziatzat hartuta. Aurreko ekitaldiko urteko diru-sarrera konputagarrien aldaketak prestazioa azkentzea eragiten badu, horrek ere sarrerei dagokien urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Onuradunen betebeharrak

  1. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrek betebehar hauek izango dituzte prestazioa jasotzen duten denboran:

      a) Eskakizunak egiaztatzeko eta prestazioa gordetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio zehatza ematea, bai eta jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzen direla bermatzea ere.

      b) Prestazioa aldatzea, etetea edo azkentzea eragin dezakeen edozein aldaketa edo egoera jakinaraztea, aldaketa edo azkentze hori gertatzen denetik hasi eta hogeita hamar egun naturaleko epean.

      c) Bidegabe jasotako prestazioen zenbatekoa bueltatzea.

      d) Titularrak eta bizikidetza-unitateko kideek atzerrira egindako irteeren berri aldez aurretik ematea erakunde kudeatzaileari, bidaia horren aurreikusitako iraupena zehaztuz.

    1. Ez da hartuko egonaldi edo bizilekuz aldatze gisa urtean behin gehienez hamabost egun naturalez atzerrira irtetea.

    2. Aldez aurretik jakinarazi eta justifikatu beharko da, baldin eta bizikidetza-unitate bateko edozein kide atzerrira irteten bada urte natural bakoitzean gehienez ere laurogeita hamar egun naturaleko aldian, izan aldi hori jarraian ala ez.      

      e) Urtero pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion aitorpena aurkeztea.

      f) Lanean ari ez diren adinez nagusiak edo adingabe emantzipatuak enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, erregelamenduz zehazten diren kasuetan izan ezik.

      g) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa laneko errentekin edo jarduera ekonomikoarekin bateragarri eginez gero, bateragarritasun hori eskuratzeko eta mantentzeko ezarritako baldintzak betetzea.

    3. h) Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak sustatzen dituen gizarteratze-estrategietan parte hartzea.

    4. i) Erregelamenduz ezar daitekeen beste edozein betebehar.

  2. Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonek betebehar hauek izango dituzte:

      a) Titularraren heriotzaren berri ematea.

      b) Administrazioari jakinaraztea emandako prestazioaren amaiera desitxuratzen duen edozein egitate.

      c) Urtero pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion aitorpena aurkeztea.

      d) Aurreko paragrafoak titularrari ezartzen dizkion betebeharrak betetzea, titularrak, arrazoia edozein dela ere, betetzen ez baditu.

      e) Lanean ari ez diren adinez nagusiak edo adingabe emantzipatuak enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, erregelamenduz zehazten diren kasuetan izan ezik.

      f) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa laneko errentekin edo jarduera ekonomikoarekin bateragarri eginez gero, bateragarritasun hori eskuratzeko eta mantentzeko ezarritako baldintzak betetzea.

    1. g) Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak sustatzen dituen gizarteratze-estrategietan parte hartzea.

    2. h) Erregelamenduz ezar daitekeen beste edozein betebehar betetzea.

Bidegabe jasotako prestazioak bueltatzea

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, onuradunen kaltetan, ofizioz berrikusi ahal izango ditu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioari buruzko egintzak, betiere berrikuspen hori administrazio-ebazpena eman zenetik gehienez lau urteko epean egiten bada –eta ez bada aurkaratu ebazpen hori–. Era berean, behar ez bezala jasotako prestazioak ofizioz aitortzeko eta itzultzeko eskatu ahal izango du.

Erakunde kudeatzaileak noiznahi zuzendu ahal izango ditu akats materialak, egitatezkoak eta aritmetikoak, bai eta onuradunaren adierazpenetan omisioak edo zehaztugabetasunak egiaztatu izanaren ondoriozko berrikuspenak ere, eta, hala badagokio, arrazoi horrengatik bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatu ahal izango ditu.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoez bestelako kasuetan, onuradunen kalterako berrikuspena Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen arabera egingo da.

Baldin eta, ebazpen bidez, prestazioaren zenbatekoa azkentzea edo aldatzea erabakitzen bada kalkulua eragin zuten inguruabarrak aldatu direlako, eta ez badago prestaziorako eskubiderik edo jaso beharreko zenbatekoa txikiagoa bada jasotako zenbatekoa baino, prestazioaren onuradunak beharturik egongo dira behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzera, honako bi lege-testu hauetan zehaztutako prozeduren bidez: batetik, otsailaren 5eko 148/1996 Errege Dekretua, bidegabe jasotako Gizarte Segurantzaren prestazioak eta Segurtasuna Biltzeko Erregelamendu Orokorra onartzen duena, eta, bestetik, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Bilketa Erregelamendu Orokorra onartzen duena.

Bidegabeki jasotako prestazioak itzultzearen erantzule solidario izango dira onuradunak eta, egitate, ez-egite, negozio edo egintza juridikoen ondorioz, prestazio bat iruzurrez lortzen parte hartzen duten pertsona guztiak. Erantzule solidarioei printzipala ez ezik lehen erantzuleari eskatu beharreko errekarguak eta interesak ere eskatu ahal izango zaizkie, bai eta zorra kobratzeko sortzen diren kostu guztiak ere.

Aurreko kasuetan, borondatezko epean ordaintzeko epea zorra ordaindu gabe igarotakoan, dagozkion errekarguak aplikatuko dira, eta berandutze-interesen sortzapena hasiko da; halere, horrek ez du eragotziko azken horiek nahitaezko diru-bilketaren aldiari dagokionez bakarrik eskatzekoak izatea. Erregelamendu bidez zehazten diren kasuetan, erakunde kudeatzaileak erabaki ahal izango du zorra bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hileko zenbatekoekin konpentsatzea, hileko sari bakoitzaren gehieneko ehuneko jakin batera arte.

Ordainketa

Prestazioa hilero ordainduko da, prestazioaren titularraren kontu batera banku-transferentziaren bidez.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea sortuko da eskaera aurkeztu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera besterenezina da. Ezin izanen da obligazioen berme gisa eskaini, ez eta osorik edo partzialki laga, ez konpentsazio edo deskontu gisa, ez atxikipen edo bahitura gisa ere.

Iraupena

Prestazioa eskuratzeko eskubidea eskaera aurkezten den dataren hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera sortuko da.
Eskubide horrek indarrean jarraituko du, baimena ematea eragin zuten arrazoiek irauten duten bitartean eta legean aurreikusitako betekizunak eta betebeharrak betetzen diren bitartean.

  • Eskubidea etetea

Prestazioa jasotzeko eskubidea honako arrazoi hauengatik etengo da:

a) Aitorpena egiteko eskatutako baldintzaren bat aldi baterako galdu izanagatik.

b) Onuradunak, titularrak edo bizikidetza-unitateko kideren batek behin-behinean ez betetzeagatik prestazioa eskuratzerakoan bere gain hartu zituen betebeharrak.

c) Kautelaz, susmatzen baldin bada onuradunak, titularrak edo haren bizikidetza-unitateko kideren batek ez dituela betetzen prestazioa eskuratzean ezarritako betekizunak edo bere gain hartutako betebeharrak, erakunde kudeatzaileak hala ebazten duenean.

Halaber, kautelaz etetea ezarriko da, baldin eta atzerrira joaten bada urtean 90 egun naturalez baino gehiagoz –izan jarraian ala ez–, erakunde kudeatzaileari aldez aurretik jakinarazi gabe eta behar bezala justifikatuta egon gabe.

d) Ez betetzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eta laneko errenten edo norberaren konturako jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasunari lotutako baldintzak.

e) Erregelamenduz zehazten den beste edozein arrazoi.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarako eskubidea eteteak berekin ekarriko du prestazioaren ordainketa bertan behera geratzea, eteteko arrazoiak gertatu diren hilaren edo erakunde kudeatzaile eskudunak horren berri izan eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera, betiere bidegabe jasotako zenbatekoak bueltatzeko betebeharraren kalte gabe. Etenaldi horrek indarrean jarraituko du eragin duten inguruabarrek irauten duten bitartean.

Etenaldiak urtebetez irauten badu, azkendu egingo da prestazioa jasotzeko eskubidea.

Eskubidea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen badira, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta berrekingo zaio eskubideari, betiere eskubidea aitortzea eragin zuten betekizunen beren horretan jarraitzen baldin badute. Etete hori eragin zuten arrazoiak amaitu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera sortuko da berriro ere esandako prestazioa.

Eteteko arrazoiek beren horretan jarraitzen badute, eskubidea aldatu edo azkendu egingo da, segun eta zer dagokion.

  • Eskubidea azkentzea

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea arrazoi hauengatik azkenduko da:

a) Titularra hiltzea. Hala ere, bizikidetza-unitateen kasuan, baldintzak betetzen dituen beste edozein kidek aurkeztu ahal izango du beste eskabide bat. Eskaera  hiru hilabeteko epean aurkezten bada –heriotza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita–, heriotzaren egunaren hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera sortuko dira inguruabar berrien arabera bizikidetza-unitateari legokiokeen eskubidearen ondorio ekonomikoak, betiere adierazitako epearen barruan egiten bada eskaera.    

b) Prestazioa mantentzeko eskatutako baldintzaren bat behin betiko galtzea.

c) Hala zehazten duen zehapen-prozedura batean emandako ebazpena.      

d) Erakunde kudeatzaileari jakinarazi edo justifikatu gabe Espainiatik irtetea urtean 90 egun natural baino gehiagoko aldian, izan aldi hori jarraitua ala ez.

e) Eskubideari uko egitea.

f) Prestazioa urtebetetik gora etetea.

g) Ez betetzea, behin eta berriz, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eta laneko errenten edo norberaren konturako jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasunari lotutako baldintzak.

h) Erregelamenduz zehazten den beste edozein arrazoi.

Prestazioa jasotzeko eskubidea azkentzeak horretarako arrazoiak gertatu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren simulagailua

Simulagailu horrek zure egoerari buruzko galdera batzuk egingo dizkizu, eta, erantzunen arabera, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko baldintzak betetzen dituzun jakin ahal izango duzu, eta dagokizun gutxi gorabeherako zenbatekoa jakin ahal izango duzu.

Kontuan izan simulazio honek ez duela prestazioa tramitatzen, eta emaitzak informazio balioa baino ez duela.

Simulagailuan sartzeko honako esteka hau erabil dezakezu: Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren simulagailua.


Ohiko galderak

Ohiko galderak atalean, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko zenbait galdera argitaratuta daudelarik, prestazio berri horri buruzko ohiko zalantzak argitu ahal izango dituzte. Eguneratzen joango dira, sortzen direnak sartzeko.

Complementary Content
${loading}