Laneko nahitaezko etenaren ondoriozko erretiro aurreratua

2013-03-17tik aurrera, aurreratutako erretiro mota berri hau ezartzen da; data horretatik aurrera jazotako gertaera eragileei aplikatu ahal izango zaie, abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen 12.2 azken xedapenean ezarritakoa aplikagarri den kasuetan izan ezik.

Onuradunak / baldintzak

Aurreratutako erretiro mota honetarako aukera izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten langileek:

  • Kasu bakoitzean aplikagarri den ezarritako adina baino gehienez lau urte gutxiago beteta izatea, jarduera neketsuak, toxikoak, arriskutsuak edo osasunerako kaltegarriak egiteagatik zenbait sektore profesionaletako langileek edo % 45eko edo gehiagoko edo % 65etik gorako minusbaliotasuna duten pertsonek balia ditzaketen adin hobariak aplikagarri izan gabe. 
  • Enplegu-bulegoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, erretiroa (altarekin parekatutako egoera) eskatzen den egunaren aurreko sei hilabeteetan gutxienez.
  • Gutxienez honako kotizazio aldi hau bete izana egiaztatzea:
    • 33 urte, aparteko ordainketengatiko zati proportzionala edo 1967-01-01 baino lehenagoko kotizazio urte eta egunen ordainketa kontuan hartu gabe. Soilik ondorio horietarako, nahitaezko soldadutza aldia edo ordezko gizarte prestazioaren aldia zenbatuko da, urtebeteko gehienezko mugarekin. 
    • Kotizazio alditik 2 urte gutxienez eskubidea sortu aurreko edo kotizatzeko betebeharra etendako unearen berehalako 15 urteen barrukoak izan behar dira, aurreratutako erretiro pentsioa alta egoera batetik edo altarekin bateragarria den egoera batetik eskuratu nahi bada, kotizatzeko betebeharrik gabe.
    • Nekazaritzako besteren konturako langileentzako sistema berezian barne hartutako langileen kasuan, kotizazio aldi eraginkorra egiaztatzeko (33 urte), beharrezkoa izango da kotizatutako azken 10 urteetan 6 gutxienez sistema berezi honetako jarduera eraginkorreko aldiei dagozkienak izatea. Ondorio horietarako, sistema berezi honetan ordaindutakoaren araberako langabeziagatiko prestazioak jaso izandako aldiak ere zenbatuko dira.
    • Lanaldi partzialean kontratatutako langileen kasuan, 33 urteko gutxieneko kotizazio aldia egiaztatzeko, 2013-08-04tik aurrera , abuztuaren 2ko 11/2013 lege Errege Dekretuan ezarritako arauak aplikatuko dira.
  • Laneko etena lan harremanaren jarraipena eragozten duen enpresaren berregituratze egoera baten ondorioz gertatu izana. Ondorio horietarako, honako hauek izango dira aurreratutako erretiro mota honetarako eskubidea eman ahal izango duten lan kontratua iraungitzeko kausak:

    1. Kausa ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoen ondoriozko kaleratze kolektiboa, Langileen Estatutuaren (LE) 51. artikuluaren arabera.
    2. Kausa ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoen ondoriozko kaleratze objektiboa, LEaren 52.c) artikuluaren arabera.
    3. Ebazpen judizialaren bidez kontratua iraungitzea, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 64. artikuluaren arabera.
    4. Banako enpresariaren heriotza, erretiroa edo ezintasuna, LEaren 44. artikuluan xedatutakoaren kaltetan izan gabe, edo kontratatzailearen nortasun juridikoa iraungitzea.
    5. Lan arloko agintaritzak egiaztatutako ezinbesteko kausaren ondorioz lan kontratua iraungitzea, LEaren 51.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    a eta b letretan jasotako kasuetan, beharrezkoa izango da, bestalde, langileak, jasotako bankuko transferentziaren agiriaren bidez edo baliokide den egiaztagiriaren bidez, lan kontratua iraungitzearen ondorioz dagokion kalte-ordaina jaso izana edo kalte-ordain hori eskatzeko edo iraungitze erabakiaren aurka egiteko demanda judiziala aurkeztu izana egiaztatzea.

    Kalte-ordaina jaso izana egiaztatzeko, jasotako bankuko transferentziaren agiria edo baliokide den egiaztagiria aurkeztuko da.

    Genero indarkeria jasatearen ondorioz emakumezko langilearen lan harremana iraungiz gero, aurreratutako erretiro mota honetarako aukera izango du.

Zenbatekoa

Pentsioaren zenbatekoa zehazteko, kotizatutako urteen arabera eta dagokion koefiziente murriztailearen arabera dagokion portzentaje orokorra aplikatzen zaio oinarri arautzaileari.

Ondoriozko zenbatekoa murriztu egingo da gertaera eragilearen unean langileari kasu bakoitzean aplikagarri den erretiroa hartzeko legezko adina betetzeko falta zaion hiruhileko edo hiruhileko zati bakoitzeko honako koefizienteak aplikatuz, egiaztatutako kotizazio aldiaren arabera:

  1. 100eko 1,875eko koefizientea, hiruhileko bakoitzeko, 38 urte eta 6 hilabetetik beherako kotizazio aldia egiaztatzen bada.
  2. 100eko 1,750eko koefizientea, hiruhileko bakoitzeko, 38 urte eta 6 hilabeteko edo gehiagoko eta 41 urte eta 6 hilabetetik beherako kotizazio aldia egiaztatzen bada.
  3. 100eko 1,625eko koefizientea, hiruhileko bakoitzeko, 41 urte eta 6 hilabeteko edo gehiagoko eta 44 urte eta 6 hilabetetik beherako kotizazio aldia egiaztatzen bada.
  4. 100eko 1,500eko koefizientea, hiruhileko bakoitzeko, 44 urte eta 6 hilabeteko edo gehiagoko kotizazio aldia egiaztatzen bada.

Erretiroa hartzeko legezko adina zehazteko soil-soilik, gertaera eragilearen datatik kasu bakoitzean aplikagarri den erretiroa hartzeko legezko adina bete arteko epean kotizatzen jarraituz gero langileari egokituko litzaiokeena izango da.

Kotizazio aldiak zenbatzeko, aldi osoak hartuko dira, zati bat aldiarekin parekatu gabe.

Zenbatekoaren muga:

Aipatu koefiziente murriztaileak aplikatu ondoren, pentsioaren ondoriozko zenbatekoa ezin izango da pentsioaren gehienezko muga, aurreratutako hiruhileko bakoitzeko edo hiruhileko zati bakoitzeko, 100eko 0,50 murriztearen ondoriozko zenbatekoa baino handiagoa izan.

Aurreko atalean aipaturiko 100eko 0,50eko koefizientea ez da aplikagarri izango honako kasu hauetan:

  1. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko laugarren xedapen iragankorreko 1. ataleko 2. arauan ezarritakoaren arabera gertatutako erretiroen kasuan.
  2. Aurreratutako erretiroen kasuan, bereziki neketsuak, toxikoak, arriskutsuak edo osasunerako kaltegarriak diren lanak egitea dakarten talde edo jarduera profesionalei dagokienez, edo minusbaliotasuna duten pertsonei dagokienez.
Complementary Content
${loading}