Izapideak

Akatsak zein hutsuneak eta txostenak zuzentzea:

Atzerapen eskaerak akatsak edota hutsuneak izango balitu, tramitatu beharko lukeen organoak gehienez ere hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari akats edota hutsune horiek zuzentzeko; eta jakinarazi egingo dio denbora-tarte horretan zuzendu ezean hartarako eskuduntza duen organoari emango zaiola espedientea, hark ebazpena eman dezan. Bertan, eskatzaileak atzera egin duela agertuko da.

Beharrezkoa izanez gero, atzerapena ebatzi aurretik, komenigarriak irizten diren txosten eta jarduerak bildu ahalko dira.

Atzerapenaren ebazpena

Eskatzaileak beharrezko dokumentazioa betetzen duenean, dagokion erabakia hartuko da; horretarako, gehienez ere hiru hilabeteko epea egongo da, eskuduntza duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori amaitzean erabakirik hartu ez bada, eskaera baztertu dela ulertuko da. Ebazpena emateko, aurreko arau-hausteak errepikatu diren aztertuko da.


Ebazpenaren edukia:

Atzerapenak onartzen dituzten ebazpenek honako puntu hauek zehaztuko dituzte:

  • Atzeratutako zorraren zenbatekoa.
  • Atzerapenaren iraupena guztira.
  • Onartutako amortizazioa, amortizazio-epeen zenbatekoa eta epe horien epemuga.

Iraupen hori ezingo da izan bost urte baino luzeagoa. Hala ere, behar bezala egiaztatutako ezohiko arrazoiak daudenean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Zuzendari Nagusiak salbuespeneko iraupen luzeagoko atzerapenak baimendu ahal izango ditu.

Ebazpena jakinaraztea:

Pertsona interesdunak edo bere ordezkariak oharra jaso duela frogatzen duen edozein bitarteko erabil daiteke jakinarazpena egiteko; era berean, data, hartzailearen nortasuna eta administrazio-ekintzaren edukia ere ageri beharko dira, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikulutik 46.era ezarritakoarekin bat.

Pertsona arduradunak, aurrez ordainduta ez badaude, atzeratu ezin diren kuotak ordaindu beharko ditu, gehienez ere hilabeteko epean, atzerapena onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita.

 90.000 euro baino gutxiagoko zorrak atzeratzean bermeetatik salbuetsita dauden eta bi urte baino gutxiagoan amortizatuko diren atzerapenen kasuan, atzeratutako zorraren herena ordaindu beharko du gutxienez, ebazpena jakinarazi eta  hamar eguneko epean.

Horrez gain, atzerapenaren eraginkortasuna onartutako ebazpenak ezar ditzakeen gainerako baldintza berezien menpe egongo da.

Complementary Content
${loading}